Gipuzkoako hondartzarik luzeena da Zarauzkoa, 3 km neurtzen baitu ia, eta oso harea mehea du. Bi harritzarrek inguratzen dute, eta Iñurritzako itsasbazter babestua hartzen du barnean; duna-eremuak eta Iñurritza ibaiaren padurak osatzen dute hura, eta egoerarik onenean dagoen Euskadi osoko duna-eremua da Iñurritzakoa. Tradizioan, surferako zaletasun handia izan da herrian; horren eta uhinaldien ondorioz, Nazioarteko Surf Txapelketaren egoitza da Zarautz eta bazter guztietako surflariak eta turistak erakartzen ditu. Bai zarauztarrei, bai herrira etortzen diren milaka turistei, itsasertzean ibiltzeko paseo atsegin bat eskaintzen die hondartzara ematen duen itsas pasealekuak, baita giro bizia ere terrazetan.