Narros 

Narros
  • Izenburua:  
  • Egilea:  
  • Lizentzia CC:

Datu orokorrak:

Izena:
Narros
Kronologia:
XVI. mendea
Mota:
Jauregia
Jauregi-multzoaren erdian, etxebizitzatzat erabiltzen zen eraikina dago; horretaz gain, lorategiak (haietako bat errepidearen ondoan dago) eta mendirantz sartzen diren lurrek osatzen dute multzoa. Garai batean, baratzak egon ziren lur horietan.
Erdigunea lurraren desnibelari egokitutako eraikin bat da. Sotoa du iparraldean, eta beheko solairua eta bi solairu garai. Aurrealde nagusian, erdi-puntuko arkuaren itxura duen portalea dago, dobelekin eta moldura handi batez inguratua.
Garitoiak (eraikin baten goiko aldeko angelu batetik ateratzen diren dorreak) eta pinakuluak ditu (dorre zorrotz txiki baten itxura duten akaberak), garai bateko dorretxeen oroitzapen estetiko gisa. Almenadun apaingarri batez errematatutako harrizko erlaitza ere badu. Juan Ortiz Ganboakoak eraiki zuen, familiaren dorretxe zaharretik gertu. Dorretxe zahar hori desmuntatu egin zen, eta hango materialak jauregi berria eraikitzeko aprobetxatu zituzten. Gune horrek jauregi errenazentista osatzen du, alboetako atalak gerora egin ziren eranskinak baitira (1845). Atean, familiaren armarri handi bat ageri da, eta, bertan, Zarauz inskripzioa agertzen da, familiaren abizenaren antzinatasunari erreferentzia egiten diona, nahiz eta Santa Maria La Realeko indusketa-lanek frogatu duten Zarauz familiaren aurretik bazegoela herrigune bat.

Barruko aldea beiraz hornitutako patio zentral baten inguruan antolatuta dago. Beheko solairuko erdi-puntuko baoetan, administrazio-bulegoak eta sukaldea zeuden. Solairu nagusian, burdina forjatuz eginiko lau balkoi daude, ugazaben logelei dagozkienak, eta goiko solairuko hutsuneak zerbitzarien gelak ziren.
Jauregiaren lehen jabea Zarauz Ganboatar Fortún Sánchez izan zen, Gipuzkoako Justizia Nagusia 1327an. Bertan bizi izan zen, baita ere, Lope Martinez Zarauzkoa, Enrique IV.aren Kontseiluko kidea. XVIII. mendean, jauregia Corral familiaren esku geratu zen; haiek Narros markesgoarekin lotu ziren, eta, ondoren, Granada de Egako Dukeen jabetza izatera igaro zen. Gaur egun, oraindik ere, familia horien oinordekoak dira jauregiaren jabeak.
1865 eta 1866 urteetan, Isabel II.ak jauregi horretan igaro zuen udaldia. Halaber, palazioan egon zen Aita Coloma jesuita. Bisita ospetsu haiek gaur arte iraun duen turismoa bultzatu zuten. Garapen turistiko horren ondorioz, aldatu egin da jauregiaren ingurua; eraiki zenean, hondartzako hareatzetan zegoen eta. Barrualdean, XIX. mendeko altzari bereziak ditu.

Kokapena

hasierara joan