Torre Luzea
Datu orokorrak:
- Izena:
- Torre Luzea
- Kronologia:
- XV. mendea
- Mota:
- Dorretxea
Bigarren solairuan, ugazaben logela pribatuak egongo ziren, eta, azkeneko pisuan, zerbitzarienak. Solairu batetik bestera, barruko eskailera baten bidez igaroko ziren.
Luzea dorrea babeserako euskal arkitekturaren adibide garbia da, eta gotiko zibileko onenetariko bat. Lodiera handiko hormetan, zenbait gezileiho egin zituzten, eraikin barrura argia sartzeko. Goiko aldean, bi ezproi (alboko kontrahormak) ikus daitezke, kadalsoak (egurrezko bastioi edo gotorlekua) edo egurrezko egiturak eusteko izango zirenak. Mentsuloiek (hegalen pisua eusteko piezak) lau fatxadak errematatzen dituzte.
Bigarren solairuan, bai fatxada nagusian, bai atzekoan, bi ogiba-atexka daude, gotorlekura dorre barrutik sartzeko.
Zarautzek ez zuen harresirik izan, baina zenbait dorretxek babestuta egon zen. Esaterako, Luzea dorreak eta Laburra dorreak hiriaren ekialdeko sarrera defendatu zuten inguruan eraikinik ez zegoen une batean. Bi dorretxe horien artean zegoen Orioko eta Donostiako bideekin bat egiten zuen irteera. Halere, babeserako eginiko eraikina izan arren, haren funtzio estetikoa ez zen baztertu, eta leiho handi bikiak ireki ziren, arku trilobulatuez eta mainelez apaindurik. XV. mendearen erdialdean, Enrique IV.ak dorretxea babesteko elementuak ezabatzeko agindua eman zuen. Ziur asko, jauregi-itxura izateari esker ez zuten bota Luzea dorrearen goiko aldea.
Goiko sarrerako ate gainean, Zarauz familiarena izan zitekeen armarria ikus daiteke. Gaur egun ez da ia ezer irakurtzen, baina Yrizarrek zaharberritze-lanak egin zituen 1923an, eta gaztelu bat, lehoi bat, hiruki forman jarritako hiru panela (oraindik ikusgai daudenak) eta zuhaitz bat basurde batekin deskribatu zituen armarrian.